Deustuko Egitasmo Unibertsitarioa – DUren balioak

Paradigma Ledesma Kolvenbach

Unibertsitatearen balioak lau arlo aintzat harturik egituratzen dira:

HUMANITAS

Arlo humanista. “Pertsona osoa” hezi nahi da, denon duintasunean oinarritua. Bestalde, alderdi intelektuala ez da esklusibotzat jotzen, arrazionaltasuna lantzea bultzatzen da bere konplexutasunean, pertsonaren autonomia errespetatuz, eta fede erlijiosoa baztertu barik.

  • Garapen pertsonala: Norberaren eta besteen gaitasunak modu integratuan lantzea eta agertzea.
  • Giza duintasuna: Aitortzea eta praktikan errespetatzea gizaki guztiak direla berez baliotsuak, beren ekimena dutela eta ez direla inork erabiltzekoak eta, hortaz, eskubidea dutela beren gaitasunak eta beren ahalmena guztiz garatzeko.
  • Ardura etikoa:  Oinarri moralen arabera jokatzea, oinarri horiek zuhurtziaz aplikatuz errealitateari, justiziaren eskakizunak betetzea, besteak beste besteenganako eta norberarenganako betebeharrak, eta hartutako erabakien ondorioak norberaren gain hartzea.

IUSTITIA

Arlo soziala. “Besteentzat eta besteekin” jardungo duten pertsonak prestatu nahi dira, herritar konprometituak egitura sozial, ekonomiko eta politiko zuzen eta bidezkoak sortzeko, behartsuen aldeko hautua eginda.

  • Berdintasuna: Gizaki guztiek beren duintasunari dagozkien eskubideak –eta betebeharrak– dituztela koherentziaz defendatzea eta, aldi berean, haien arteko desberdintasun eta berezitasunak onartzea.
  • Justiziaren aldeko kultura: Gizakien bereizkeriazko eta zapalkuntzazko egoerei aurre egiten eta zuzentzen ahalegintzea, jakinik horrek berekin dakarrela baliabideak birbanatzea, gizakien balio berdintasuna gauzatu dadin.
  • Gizartearekiko konpromisoa: Norberaren gaitasun eta trebetasunak gizarteari ekarpen onuragarria egiteko erabiltzea, bereziki desberdintasun, zapalkuntza eta bazterketei aurre eginez, gizarteko parte-hartzearen, lanbideko jardunaren eta boluntario-lanaren bidez.

UTILITAS

Arlo praktikoa. Unibertsitateak profesional bikainak prestatu nahi ditu irakaskuntza bikainaren bidez, bi bikaintasunak balio moraletan eta “magis” dinamikan oinarriturik.

  • Jakin-nahia: Ikasteko eta ikertzeko joera izatea, egian oinarritutako errealitatearen ulerkuntza lortzeko.
  • Berrikuntza / Sormena: Ideiak sortzea, proposamen berriak egitea edo lehengoak egoera berrietara egokitzea, haien bideragarritasuna kontuan hartuta, eta errealitate praktiko eta gizartearentzako onuragarri bihurtzea.
  • Ikuspegi globala: Errealitatearen irudi sistemiko, unibertsal eta holistikoa edukitzea –partzialtasun, partikulartasun eta indibidualismoez gaindi–, balioespen moralean oinarritua, eta adierazteko gai izatea.

FIDES

Arlo erlijiosoa. Bizitzaren azken zentzua bilatzeko prozesuetarako gonbita egiten zaie ikasleei. Erlijio aniztasunarekiko enpatikoa izanik, kristau-fedearen funts integratzailea eskaintzen du, zeina Ebanjelioko Jesusekiko bat egite pertsonalean gauzatzen baita.

  • Zentzu-bilaketa: Norberaren izatearen eta errealitate guztiaren zentzu sakona aurkitzeko prestasuna.
  • Erlijioen arteko elkarrizketa: Norberaren sinesmenetik, beste erlijio sinesmen batzuetako pertsonekin eta taldeekin komunikatzeko joera, errespetuz eta berdintasunez.
  • Kristau-fedea: Jesukristogan agertutako Jainkoaren gertakaria bizitzeko prestasuna, Jesusi jarraitzeko akuilua.