Deustuko Unibertsitatea. Nor gara?
Deustuko Unibertsitatearen asmoa da, gaur egun, gizarteari zerbitzu ematea, unibertsitateko arloko ekarpena eginez eta errealitatearen ikuspegi kristautik abiatuta.
Unibertsitatea denez gero, jakin-nahia eta errealitatearen egitura zorroztasunez eta metodologia zientifikoz ezagutzeko eta ikertzeko grina ditu goiburu. Hori dela eta, bikaintasuna iritsi nahi du ikerketan eta irakaskuntzan. Aldi berean, beraren helburua da pertsona askeak, herritar arduratsuak eta profesional trebeak prestatzea, behar diren ezagutza, balio eta trebetasunez jantziak, jakintzaren sustapenean eta gizartearen eraldaketan konprometitzeko.
Deusto, zerbitzua eta konpromisoa (Jose Mari Guibert) [PDF]
Kristau tradizioan sustraituta, sinesten du Jainkoaganako fedeak, bizitzari zentzua emateaz gain, benetako giza kultur prozesu ororen ezagutza gero eta sakonagoa eta kritikoagoa argitzen eta akuilatzen duela. Alderantziz ere, aitortzen du kulturak, zientziak eta teknologiak tresna baliotsuak eskaintzen dituztela, kristau mezuaren ulerkuntza eguneratzeko. Horren ondorioz, fedearen eta jakintzaren arteko harremangunea da, itxaropen transzendentearen eta denontzako etorkizun gizatiarragoaren bilaketaren arteko topagunea. Horrexetan datza, hain zuzen, Elizaren Unibertsitate izate hori.
Aldi berean, Deustuko Unibertsitateak, badaki, jatorriz, Jesusen Lagundiaren misioari lotuta dagoela. Hortaz, mundu mailako unibertsitate-sare batean eta tradizio pedagogiko batean dago txertaturik, pertsona balio nagusitzat hartuta. Sendo sinesten du, gainera gaur egun, fedea zerbitzatzeak justizia sustatzea dakarrela berekin. Horregatik, konpromisoa hartua du, kulturaren gaineko hausnarketaren bidez eta gizarteko eragileekin harremanetan, bere ikuspegia adierazteko gizakiak eta gizarteak etorkizuna konprometitzen duten gai orotan, bereziki, bizitzaren errespetuan, giza eskubideen ezarpen unibertsalean, ondasunen banaketa zuzenean, bakegintzan eta izadiaren babesean.
Jakintzaren esparru unibertsalaren barruan eta gizakiaren interes orokorra gogoan, unibertsitateari dagokionez, Deustukoak bere ingururik hurbilenari begiratzen dio, euskal gizarteari, eta zerbitzua eskaini nahi dio, unibertsitate erakundea den aldetik, nola kultura arloko beharrizanetan, hala garapen sozial, tekniko eta ekonomikoan, maila guztietan.
Pertsona lehenesteak egiten du, azkenik, Unibertsitateak bizikidetza eredu bat eskaintzen saiatzen den gizon eta emakumeen komunitate gisa ulertzea unibertsitateko bizitza, errespetuzko elkarrizketak lankidetza eta adiskidetasun harremanak errazten dituelarik.
Jesulagunen unibertsitatea
Jesulagunen unibertsitateek pertsonari eta gizarteari zerbitzu emateko misioa dute zientziari eta kulturari egiten dizkioten ekarpenen bidez, gainerako unibertsitateek bezala. Horrekin batera, eta jesulagunena izateagatik, Jesusen Lagundiaren misioan ere partaide dira. Hortaz, Deustuko Unibertsitatearen erronka eta funtsa fedeari zerbitzu emateko misioa betetzea da, zientziari eta kulturari egiten dien zerbitzuaren bidez, kulturaren eta izaera unibertsitarioaren instrumentalizazio oro saihestuz.
Titulazioen koadro eta curriculum akademikoak birdefinitu beharra dakarren Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrua martxan jartzearekin, Jesusen Lagundiaren Unibertsitateek eta goi zentroek berraztertu egingo dute, euren nortasunaren eta misioaren argitan, zeintzuk diren esparru akademikoan duten presentziaren helburuak. UNIJES-ek (Unibertsitateak Jesulagunak) Adierazpen bat prestatu zuen 2001eko irailean, Jesusuen Lagundiaren Goi Ikastegien izaeraren azken arrazoia. Harekin lotzen dira honako ‘n+m hausnarketak unibertsitateko erronka berrien aurrean.‘.
Fedea, justizia eta kultura
Jesulagunen Unibertsitate baten misioak zera ere eskatzen du: bere helburuak (fedea, justizia eta kultura) giro berezi batean ematea, erlijio, kultura edo gizarte eragileekin elkarrizketan. Harreman horretan oinarritzen dira bakea, harmonia, giza eskubideak eta errespetua bezalako funtsezko balioak, sinestunek eta sinesgabeek partekatzen dituztenak eta partekatu ditzaketenak.
Mundu gizatiarrago bat
Deustuko Unibertsitatea Estatu Espainiarrean Jesusen Lagundiaren estatutuetako xedapenen bidez sortu edo lotutako Goi Mailako Irakaskuntzako Unibertsitate, Fakultate eta Erakundeen Federazioko (UNIJES) kidea da.
Urte hauetan Deustuko Unibertsitateak Plan Estrategikoak zehaztu ditu, aukera estrategiko batzuk egin eta etorkizunera begirako Ikuspen baterako jarduerak ezarriz. Pertsona eta erakunde gisa mundu bidezkoagoa, solidarioagoa eta gizatiarragoa eraikitzen ekarpen positiboak egitea da gure asmoa, Deustuko Egitasmo Unibertsitarioan ageri den Misioa goiburu dugula. Unibertsitateak Deustuko Unibertsitateak Marko Pedagogikoa ezarri du berrikuntza pedagogikorako, unibertsitateak gaur egungo bere inguruari eman nahi dion erantzun bereizgarriaren ezaugarri.
Justizia sustatu
Deustuko Unibertsitateak gizarteari zerbitzu egin nahi dio unibertsitateko ekarpen bat eginez. Misioaren “justizia” dimentsioa unibertsitateko jarduera oro zeharka eragitera dago deitua. Horrez gain, badira ikastegi edo zerbitzu bereziak lan horretan dihardutenak. Hauexek dira, besteak beste:
- Etika Mintegia
- Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua
- Gaurgiro
- Gurya
- Unibertsitateko Orientazio Zerbitzua
- Garapenerako Lankidetza
Fedea jakintzaren eragile
Egitasmo Unibertsitarioan aipatzen den bezala, Jainkoarenganako fedeak, bizitzari zentzua emateaz gain, benetako giza prozesu kultural guztiak sakonago eta kritikoago ezagutzea iradoki eta bultzatzen duela sinesten dugu gure kristau sustraiak oinarri ditugula.
Gure unibertsitateak izaera katolikoa bere gain hartzen du, hausnarketa teologikoa Europako kultur eztabaidaren barruan sustatzen duen neurrian. Pastoraltza zerbitzuak ere eskaintzen ditu, ikasle nahiz langileek, bakoitzak bere aukeran fedean sakontzeko, ignaziotar karisma abiapuntu harturik. Arlo hau sustatzen duten ikastegietako batzuk hauexek dira:
- Teologia Fakultatea
- Erlijio Zientzien Goi Institutua
- Giza eta Erlijio Zientzien Mintegia
- Pastoraltza Zerbitzua (Bilbao eta Donostia)
Historia
Deustuko Unibertsitateak 1886an ireki zituen ateak. Sorreran bi kezka edo asmo elkartu ziren: Euskal Herriak bere unibertsitatea eduki nahia, batetik, eta Jesusen Lagundiak estatuko lekuren batean goi mailako ikasketak ezartzeko asmoa, bestetik. Bilbo aukeratu zen, garai hartan industria hazkunde handia zuen portu eta hiri komertziala.
Bilboren inguruko area metropolitanoan milioi bat pertsona baino gehiago bizi dira. Tradizioz Europara begira egon den hiria dugu, Euskal Herriko eta Espainiako merkataritza eta finantza gune garrantzitsua izateaz aparte. 1997ko azaroaz geroztik, hiria sekulako aldaketa jasaten ari da, eraikin enblematiko bihurtu den Guggeheim Bilbao Museoa eraikia izan ondoren.Deustuko Unibertsitatearen eraikin nagusia itsasadarraren beste aldean dago, Guggenheim Museoaren aurrez aurre.
1916an “Deustuko Unibertsitate Komertzialak” lehenengo ikasle taldea hartu zuen, gerora Ekonomia Zientzietako lehen graduatuak izango zirenak, Espainian titulua ofizialki onartua izan baino 25 urte lehenago.
Ikerketa indibidualez eta katedretatik (Zuzenbidea eta Giza Genoma edo Aisia eta Ezgaitasunak) koordinatzen direnez gain, erakunde mailan badira gizarte mailako kezka batzuk honako gai hauekin zerikusia dutenak: interdependentzia, baliabideen banaketa, migrazioak, giza eskubideak, garapena, pobrezia eta ingurumena, etika eta gizartea, nortasun kulturalari buruzko ikerketak (norbanakoena eta taldeena) eta Europa mailako integrazio prozesuak. Hori dela-eta, nazioarte mailako hainbat taldetan parte hartzen du Unibertsitateak.
Internazionalizazioak, beste eskualde batzuk baztertu gabe, Europaren eta Latinoamerikaren aldeko konpromiso argia erakusten du. Horren erakusgarri dira 200 unibertsitate baino gehiagorekin sinatuta dauden hitzarmenak.
1300 ikaslek eta 50 irakaslek hartzen dute parte mugikortasun programetan, eta fakultateak, institutuak eta eskolak ere inplikatzen dira programa trinkoetan, Europako moduluetan eta maila askotako diseinu kurrikular bateratuetan, mugaz gaindiko aktibitateetan, hizkuntza integratuetan, hezkuntza zabal eta urrutikoan (ODL) eta Leonardo programetan ere ari direlarik. Unibertsitateak Europako kreditu sistema onartu zuen 1994an eta berau sustatzen eta kalitatea hobetzen dihardu. Izan ere, Deustu izan zen bere fakultate guztietan Europako kreditu sistema hau hedatu zuen Europako lehen unibertsitatea.