Deustuko Egitasmo Unibertsitarioa – Historia apur bat
Deustuko Unibertsitateko Estatutu Orokorretatik jasoa (2003ko ekaina)
Historia apur bat
XIX. mendearen azken laurdenean, Jesusen Lagundiak goi mailako ikasketak antolatzeari ekin zion. Egitasmoa Anceisen (Coruña) hezurmamitu zen lehenengo eta La Guardian (Pontevedra) hurrengo. 1881ean Jesusen Lagundiko Aita Jenerala zen Pedro Becksek, Bilboko gizarte zati batek eskatuta, Bilbo izendatu zuen Deustuko Goi Mailako Ikastegia izango zenaren egoitza jartzeko.
Jesusen Lagundiaren ardurapean jarritako goi mailako ikastegi hura Euskal Herrian unibertsitate bat ezartzeko XIX. mendean egin ziren ahaleginen saria izan zen, izan ere, lehentsuago Oñatiko Unibertsitatea itxi egin zen eta beste saio batzuk izan ziren: Euskal-Nafar Unibertsitatea (1866), Gasteizko Unibertsitate Literarioa (1869) eta Bizkaiko Unibertsitate Katolikoa sortzeko egitasmoa (1870).
1883an eraikin nagusiaren lehenengo harria ipini zen Bilboko itsasadarraren ertzean eta hurrengo urtean, Bizkaiko Aldundiaren bilkura batean, harrezkero izan duen izena eman zitzaion –Deustuko Unibertsitatea–, nahiz eta 1963ra arte ezin izan zuen izen hori modu ofizialean eraman.
Eraikin berriak, Francisco de Cubasek marraztuak, 1886-87 ikasturtean hartu zituen Deustuko lehenengo ikasleak eta hiru ikasketa jarri ziren bertan: Filosofia, Zuzenbidea eta Ingeniaritzarako Prestakuntza. 1916an, Agirre Bizkaitar Fundazioaren babespean, ekonomia eta enpresa ikasketak hasi ziren ematen Unibertsitate Komertziala zeritzonean, 50 urteko aurrea hartuz unibertsitate publikoei.
XX. mendearen lehen erdiko gorabehera soziopolitikoek unibertsitatearen hasierako ibilera nahastu egin zuten eta 1932tik 1940ra bitartean etenaldi bat izan zen, Lagundia deuseztatu eta Unibertsitatearen eraikina konfiskatu egin baitzuten. 1940an ekin zitzaion berriz unibertsitateko jardunari eta 1943an Unibertsitatea Antolatzeko Legeak Deusturen izena aipatu zuen Valladolideko Unibertsitateari atxikitako Goi Mailako Ikastegi Kolegiatu gisa.
Egoitza Santuak eta Espainiako Estatuak 1962an Elizaren Unibertsitateak aintzat hartzeko sinatutako hitzarmenaren ondorioz, 1963an Estatuak unibertsitate izaera aitortu zion Deustuko Unibertsitateari eta, hortaz, bertan egindako ikasketak ere onartuz joan zen: lehenengo Zuzenbidekoak eta Filosofia eta Letretakoak, ostean Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoak (lehengo Unibertsitate Komertzialekoak), eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatekoak.
Aldi berri horretan Elizaren bi fakultate bildu ziren Deustura: Teologiako Fakultatea (1967) eta Filosofiako Fakultatea (1970), ordura arte Oñan (Burgos) eta Loiolan (Gipuzkoa), hurrenez hurren, kokatuak egon zirenak. Zientzien Fakultatea 1964an berrezarri zen eta, urte batzuetan Kimika eta Matematika ikasketetan jardun ondoren, Informatikako ikasketetara bideratu zen. Egoitza Santuak Soziologia eta Politika Zientzien Fakultatea (Soziologia Saila) eraiki zuen izen bereko institutuaren maila jasoz eta 1977an aitortu zitzaizkion ondorio zibilak. Bide bertsua egin zuen Informatika Eskolak 1979an fakultate onetsia eta mendearen amaieran Ingeniaritza Fakultatea (ESIDE) bilakatu arte.
Aurreko guztiarekin batera, 1979an Unibertsitateak Gipuzkoako Unibertsitate eta Teknika Ikasketak (EUTG) hartu zituen bere baitan Donostian, honek 1956an hasita Enpresa Teknikarien Goi Eskolarekin (ESTE) urte batzuetako ibilbidea egin ondoren. Donostiako campusaren erabateko biltzea 1990ean burutu zen, Filosofia eta Letren Fakultatea (Giza Zientzien Fakultatea gaur egun) eta Turismo Eskola ere hartuta.
Unibertsitateko jarduera biziaren erakusgarri, prestakuntza eta ikerketarako beste ikastegi batzuk sortuz joan ziren, dela fakultateei atxikiak, dela beregainak. Jarduera horrek, onespen ofizialak eragindako betekizun eta erantzukizunak eta unibertsitatearen eta gizartearen era guztietako aldaketek, berandu gabe Unibertsitate Katolikoen Konstituzio Apostolikoa, “Ex Corde Ecclesiae”, ekarriko zutenek, Unibertsitatearen barne araubidea eguneratzea eskatzen zuten. 1986ko Estatutu Orokorrek unibertsitate modu berri bat egituratu zuten, 1972ko Estatutuetan islatzen zenaz bestelakoa.
Harrezkero Deustuko Unibertsitateak barruko eta kanpoko aldaketa asko izan ditu. Hoy la Universidad se organiza en tres campus (Vitoria 2002), cuenta con nueve Facultades y cuatro Escuelas Universitarias, además de numerosos Institutos y Cátedras, nuevas Titulaciones, Títulos Propios de grado y de Postgrado, Formación Continua, Extensión Universitaria, junto con una renovada red de servicios auxiliares, que configuran su tarea y nueva imagen, y testimonian su vitalidad.
1999ko urtarrilaren 26an, Hezkuntza Katolikorako Kongregazioak Estatutu Arauak onartu zituen. Bertan Deustuko Unibertsitateko Gobernu Kontseilua sortu zen antolamendu premia berriei hobeto erantzun ahal izateko. Gobernu Kontseilua unibertsitatearen egituran txertatzea da estatutu hauek egokitu beharreko aldaketetariko bat, 1986ko estatutuen lekukoa hartu eta Deustuko Unibertsitatearen aldi berri baterako ildoa ezartzeko, lehengoen espirituan nagusi izan ziren lankidetza, partaidetza eta erantzukizunari eutsiz.
Deustuko Egitasmo Unibertsitarioa
Deustuko Unibertsitateak gizartearen zerbitzuan egon nahi du gaur egunean, unibertsitate alorrekoa den ekarpenaren bidez eta errealitatea ikuspegi kristau batetik aztertuz.
Unibertsitatea den aldetik, jakinduriarako zaletasuna eta errealitatearen egitura zorroztasun eta metodologia zientifikoz ezagutu eta ikertzeko gogoa ditu eragile. Horregatik, bikaintasuna lortzen ahalegintzen da ikerketan eta irakaskuntzan. Pertsona askeak, herritar arduratsuak eta profesional onak hezi nahi ditu aldi berean, jakintzaren sustapenaren eta gizartearen eraldaketaren alde jarduteko behar diren ezaguera, balio eta trebetasunez hornituak.
Kristau tradizioan erroturik, uste du Jainkoaganako fedeak, bizitzari zentzua eman ez ezik, benetako giza kultura prozesu ororen ezaguera gero eta sakonago eta kritikoagoa argitu eta bultzatzen duela. Alderantziz ere aitortzen du kulturak, zientziak eta teknologiak kristau mezuaren ulerkera gaurkotzeko tresna baliotsuak eskaintzen dituztela. Horrek guztiak fedearen eta jakintzaren arteko elkargune bihurtzen du Unibertsitatea, haraindiko itxaropenaren eta denontzako etorkizun gizatiarragoa aurkitu nahiaren arteko elkarrizketa leku. Horrexetan datza nagusiki Elizaren Unibertsitate izatea.
Era berean, Deustuko Unibertsitatea Jesusen Lagundiaren eginkizunari atxikia dago sortu zen unetik. Hala, bada, mundu mailako unibertsitate sare baten parte da eta pertsona balio nagusitzat duen tradizio pedagogiko batean errotua dago. Era berean, fedeari zerbitzu egiteak justizia sustatu beharra dakarrelako ustearekin bat egiten du gaur egun. Horregatik, ardura osoa hartzen du, kulturaren gaineko gogoetaren bidez eta gizarteko eragileekin elkarrizketan, bere iritzia aditzera emateko gizakiak eta gizarteak etorkizuna erabakitzen duten edozertan, zehazki, bizitzarekiko errespetuan, giza eskubideen hedapen unibertsalean, ondasunen banaketa zuzenean, bakegintzan eta izadiaren babesean.
Jakintzaren esparru unibertsalaren barruan eta gizakiaren interes orokorra gogoan, unibertsitateari dagokionez, Deustukoak bere ingururik hurbilenari begiratzen dio bereziki, euskal gizarteari, eta zerbitzua eskaini nahi dio, unibertsitate erakundea den aldetik, hala kultura arloko beharrizanetan, nola garapen sozial, tekniko eta ekonomikoan, maila guztietan.
Azkenik, pertsonaren nagusitasuna aintzat hartuta, unibertsitate honek unibertsitateko bizitza gizon eta emakumeen elkartea dela uste du, elkarbizitza eredua ematen ahalegintzen diren pertsonen elkartea, errespetuzko elkarrizketaren bidez lankidetza eta adiskidetasunezko harremanak errazten dituena.